Home / Berdintasunerako emanaldiak / ERANTZUKIDETASUNA. AFEKTIBITATE ETA HAURRENTZAKO MASAJE LANTEGIA

ERANTZUKIDETASUNA. AFEKTIBITATE ETA HAURRENTZAKO MASAJE LANTEGIA

masaje-web-EUAldaketa ugari ari dira gertatzen gure garai honetan; besteak beste, berdintasuna eta demokrazia tradiziozko usadioei nagusitzen zaizkie apurka-apurka. Familiaren antolamendu zaharra, zeinean emakume eta gizonei zeregin eta ardura desberdinak baitzegozkien, galduz doa azken urteoan, emakumeok plazara atera garenetik. Hala eta guztiz, zerbait eginkizun dago oraindik, gizonak ez baitira guztiz sartu etxean. Izan ere, emakumeek askoz ordu gehiago ematen dute etxeko eta zaingo lanetan, gizonezkoek baino.

Den-denok ahalegindu beharko gara, familiaren ardurak berdintasunez banatuko baditugu gizon eta emakumeok, emakumeek gainean daramaten zama astunagoa oztopo handia baita beste eremuetan jardun ahal izateko.

Portugaleteko Udalak, emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko konpromiso sendoa eginda, Aukera Berdintasunerako IV. Plana (2015-2019) prestatu eta onartu zuen. Plana garatu eta ebaluatu behar duen Batzorde Mistoak gogoeta egin du erantzukidetasunaren inguruan eta familia harreman mota berriak azaldu ditu, berdintasunarekin bat datozenak.

Helburu hori darabilgula, bada, eta aurreko edizioetan lortutako arrakasta dela eta, hirugarrenez antolatu dugu haurrentzako masaje eta afektibitate lantegia aitatxuei begira, gizonezko askok seme-alabak zaintzeari dagokionez berenganatu duten zeregin aktiboa sustatu nahian.

Haurra txiki-txikia denean, aita eta amari dagokie zaintzearen ardura. Haurra jaio eta berehala ezartzen diren gurasoekiko loturak eragin zuzena izango du haurraren bizimoduan eta sendotu egingo da esperientziaz eta praktikaz. Horregatik gonbidatzen zaituztet lantegian parte hartzera, dudarik ez baitaukat aitatasuna eta seme-alabekiko harremana hobetzeko eta familia giro zoriontsuagoa lortzeko baliagarria izango dela.

Mª José Blanco
Gizarte Ongizateko alkarteordea

Hauxe da erantzukidetasuna:
Gizon eta emakumeen artean banatutako ardura, familiaren zaingoari eta etxeko lanari dagokienez. Bizikidetzaren funtsa nagusietako bat da. Familia artean, batetik, erabakiak hartzearen, eta bestetik, familiakide guztien ongizaterako behar diren lan guztien plangintzaren ardura zeinak bere gain hartu eta banatzea.

Aitatxuen kontuak
Gizonezkook, gizonezko izateagatik tradizioz esleitu diguten zeregina aldatu behar dugu ezinbestez. Etxeko lan zehatz batzuetan oso gutxitan hartzen dugu esku: arropa garbitu, hautsa kendu, zorua garbitu, bainugela garbitu edo arropa zabaltzea, oro har, emakumeen ardura dira. Apurka-apurka hasi behar gara gu ere horrelakoetan jarduten, eta aitatasunak berez dakartzan beste zeregin batzuetan ere bai: haurrei ibiltzen, hitz egiten, jaten irakatsi, haien higienea zaindu, etab. Horrela, seme-alabak zaintzeak ematen duen ordain afektiboa gozatuko dugu, errazago aurkituko dugu aita-betekizuna, sentituko dugu kapaz garela haurrak zaintzeko eta haien nahiei adi egoteko, geure senak eta elkarrekiko beharrizanak aurkituko ditugu eta, azkenik, horren guztiaren ondorioz, autoestimua sendotuko dugu, dudarik gabe.

Lantegi hau opari baten modukoa da, afektoen elikadura ematen die aita eta haurrari eta izan daiteke, halaber, seme edo alabarekin denbora luzeagoa emateko modu dibertigarri polita ere bai.

Haurrentzako masajea
Kultura askotan tradizioazkoa bada ere, Mendebaldean XX. mendeko azken hogeita hamar urteetan aurkitu genuen haurrentzako masajearen onura. Haurraren lehenengo urteetan oso onuragarria da harreman afektiboa, haurraren garapen osoari begira, eta masajea seme-alabekiko harreman afektiboari ekiteko oso modu atsegingarri eta erraza da. Aitatxuei begirako lantegi honen asmoa da haurrarekiko harremana eta komunikazioa sustatzea, jakin dakigularik, gizarte eta lan arrazoiak direla kausa, zail gertatu ohi zaizkiela gehienbat gizonezkoei. Aitaren eta seme edo alabaren arteko lotura aberasten saiatuko gara, bada, oso giro lasaian, eta afektoen komunikazioa errazten, eta, horretarako, masajea erabiliko dugu, haurra txiki-txikia denetik. Masajea oso atsegina da hala aita nola haurrentzat eta onura handiak dakartza koliko eta idorreriaren kontra eta psikomotrizitate eta nerbio-sistemaren garapenaren alde.

Gainera, aurten beste gai oinarrizko batzuk ere landuko ditugu (haurrekin lotura afektibo sendoa ezartzearen garrantzia, kasu) eta haurren sexualitatea ulertzeko nondik-norakoak ere eskainiko ditugu.

Informazio zabalagoa jaso nahi baduzu lantegiari buruz, zatoz informazio-saiora. Irailaren 30an egingo dugu 18:30ean San Roke gizarte etxean.
Gizarte Ongizate Saila 94 472 92 12
bienestar@portugalete.org
www.portuigualdad.com

Check Also

XXII JORNADAS DE IGUALDAD DE PORTUGALETE 2023

XXII JORNADAS DE IGUALDAD DE PORTUGALETE 2023

MABEL LOZANO, OLGA VIZA, YAYO HERRERO ETA TOWANDA REBELS IZANGO DITUGU, BESTEAK BESTE, PORTUGALETEKO XXII. …

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *