Adiskide agurgarri horiek:
Idazki honen bidez, Gizarte Ongizate Sailak dei egin nahi dizue informazio-bilera batera etor zaitezten. Martxoaren 29an egingo dugu 18:00etan Santa Klara kulturtegiko batzar aretoan. Bilera horretan hasiera emango diogu Emakumeon Hiria izeneko proiektu partizipatiboari, udalerriaren hirigintza diagnostikoa egiteko genero-ikuspuntua hartuta.
Zer da?
Emakumeon Hiria hirigintza diagnostiko partizipatiboa da, Portugaleteko emakumeen eguneroko bizimoduari eragiten dioten hirigintza arloko erronkak eta beharrak antzemateko.
Helburua da herritarrek eta profesionalek elkarrekin hirigintza berrantolatzea, hiria seguruago eta atseginagoa izan dadin emakume zein gizonentzat.
Aukera paregabea da, beraz, udalerria aztertzeko eta emakumeen, haien familien eta haien gizarte inguruen hirigintza-beharrak ezagutzeko, prozesu horren bitartez errazago jakingo baitugu nola eragiten dion hiriaren diseinuak emakume, nagusi, haur eta menpeko askoren eguneroko bizimoduari. Besteak beste, adibidez, aztertzekoak izango dira oztopoak (eskilarak, aldapak, kale estuak…) edo argi nahikorik gabeko guneak, zeinetan beldurra edo segurtasun falta sentitu ohi baitugu.
Zeintzuk dira bileraren helburuak?
Diagnostikoaren helburuen eta metodologiaren berri ematea eta parte hartzeko gonbit egitea.
Herritarren ordutegiak kontuan hartzea, parte hartzeko modua izan dezaten.
Prozesua garatzeko egutegia adostea.
Parte hartzeko formatoen berri ematea eta horien ebaluazioa egitea, herritarren parte-hartzea ahalik eta zabalena izan dadin.
Herriko talde zein elkarteetako solaskideak edo ordezkariak eta herritarrak oro har identifikatzea, parte-hartze proaktiboa izan dezaten; horretarako, talde eragilea sortuko dugu, kideek euren talde edo elkarteekin bitartekari edo solaskide lana egin dezaten eta gainontzeko lagun edo auzokoei parte hartzeko formatoetarako sarbidea eman diezaieten.
Prozesua landu, hedatu eta komunikatzen lagunduko diguten bideak zehaztea: sare sozialak, eta komunikazio eta hedapen beste hainbat mota eta formato…
Ordezkarien elkarlana eta inplikazioa lortzea, hala prozesuan nola haren komunikazioan parte hartze aktiboa izan dezaten.
Nortzuk etor daitezke bilerara?
Kaleen eta tarte publikoen diseinua zaintzaile, menpeko, haur, nagusi eta gazteen eguneroko beharretara egokitu nahi duten emakumeak.
Portugaleteko kultur, belaunaldi eta etnia aniztasuna ordezkatzen duten emakumeak.
Portugaleteko gizarte bizimoduan parte hartzen duten emakumeen taldeak eta elkarteak.
Haurrak eta nagusi menpekoak zaintzen dituztenak.
Hirigintzan eta hiriaren plangintzan eta hobekuntzan diharduten udal sailetako teknikariak eta politikariak: Gizarte Ongizatea, Kultura, Hirigintza, Parte Hartzea, Gazteria…
Portugaleteko alde eta auzune guztietako biztanleak.
Genero ikuspuntua hartuta udalerriaren hirigintza-diseinua egin nahi duen oro.
Lagundu, faborez, Portugalete hobetzeko eta berdinzaleago egiteko. Eta parteka ezazu gonbit hau sare sozialetan #Portuigualdad traola erabiliz.
Mikel Torres Lorenzo
Portugaleteko Alkatea/ Alcalde de Portugalete