Home / Declaraciones / GUTUN IREKIA PORTUGALETE FUTBOL KLUBARI

GUTUN IREKIA PORTUGALETE FUTBOL KLUBARI

Portugaleteko Udalaren Berdintasun Batzorde Mistoa

Presidente jauna:

Gogoratuko duzunez, iazko ekainaren 30ean Portugaleteko Udalbatzak ohiko bilkura batean erabaki zuen erakundearen adierazpena onartzea, zeinaren bidez, batetik, zure klubari eskatzen baitzion bere fitxaketa-politika berraztertzea eta berdintasun-legeak eta emakumeen eskubideak errespetatzea eta, bestetik, gogorarazten baitzion, klubak jendartean nolabaiteko eragina eta helmena duelarik, gizarte ardura badagokiola, eredugarri jokatu behar duela eta aukera-berdintasuna balore gisara defendatzeko konpromiso agerikoa egin duela.

Erakunde adierazpen hori onartu eta beste hainbat jarduketa burutu ostean, Portugaleteko Udalaren Berdintasun Batzorde Mistoak, M. José Blanco Gavieiro batzordeburu andrea ordezkari duelarik, nahi izan du berdintasun alorrean eskumena duten beste erakunde batzuek ere euren iritzia agertzea afer honen inguruan. Beraz, Emakundera (Emakumearen Euskal Erakundea) jota, gutun ireki honekin batera datorkizun erantzuna jaso du.

Erantzun horretatik nabarmendu nahiko genuke kirolak gure gizartean duen zeregin nagusia aipatzen duen paragrafoa, argi eta garbi adierazten baitu kirolariak arrakastaren ikono eta eredu direla, “haiek hala nahi izanda zein nahi izan gabe, eta, beraz, balioen eta printzipioen erreferente eta transmisore dira. Balio eta printzipio horiek, besteak beste, errespetua, erantzukizuna, konpromisoa, esfortzua, dedikazioa, lankidetza, elkarbizitza, joko garbia, berdintasuna, indarkeriarik eza eta aniztasuna izan beharko lirateke.”

Testu zati horrek bat egiten duelarik, zeharo egin ere, aurrean aipatutako erakunde- adierazpenaren asmoarekin, horren eduki guztia berresten dugu oraingo honetan ere eta, halaber, jakinarazten dizugu lanean jarraituko dugula zerrendatutako balio horiek guztiak gure artean betiko ezar daitezen. Xede horri begira, bada, proiektu bitan ari gara: batetik, hitzarmengintza programa prestatzen ari gara, kirol elkarteek konpromiso sendoa egin dezaten berdintasunaren alde, eta bestetik, jokabide-kodea ere prestatzen ari gara, kirol elkarteak atxiki dakizkien.

Beste barik, beraz, adierazitako guztiaz hausnarketa egingo duzulako eta erantzun egokia emango duzulako esperoan, har ezazu agur bero bat.
Portugalete, 2017ko martxoaren 24a

EMAKUNDE:

Descargar (PDF, 410KB)

Check Also

Portugaleteko Udalak arbuio egiten dio indarkeria matxistari eta halaber, bat egiten du Eudelen adierazpenarekin Orion gertatutako emakumearen hilketa gaitzesteko.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Orio udalerrian izan zen emakumearen hilketen aurrean, eta elkartasuna …

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *