Home / Berdintasuna / MAIATZAK 17. LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

MAIATZAK 17. LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

MAIATZAK 17

LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

Gaurko egun batez, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeko Batzar Nagusiak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea. Harrezkero, maiatzaren 17a mugarri bilakatu da lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexual jendearentzat. Egun bereziki esanguratsua da, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen dituzten eta haren aurkako bazterkeria borrokatzen duten ekimenen ikurra.

Bistan da urratsak egin direla aurrerako bidean, bai legegintzaren alorrean bai gizartearen iruditeriaren erakuntzan. Lehenaren erakusgarri, hor dugu Euskadiko 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, eta, geroago emana, abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa. Lorpen handiak izan dira biak, bata zein bestea lagungarri izan baitira aniztasun sexuala eta generozkoa sendoago errotu daitezen gure eguneroko bizimoldean. Ez gaitezen, ordea, engainatu: LGTBIfobia ez da desagertu.

Ondo gogoan izan behar dugu, 2018garren honetan, kolektiboak mundu zabalean bizi duen egoera gorria. Ez dezagun ahaztu LGTBIfobia gorrotoaren agerbide zabalduenetako bat dela, eta badirela 70 herrialde baino gehiago kode penalean jasota dutenak, genero-aniztasunaren aukera, identitate eta adierazpide oro berariazko arauekin erreprimitzeko, eta badirela, izan, LGTBI kolektiboa heriotza-zigorrarekin mehatxatuta dagoen herrialdeak ere, edo beste askotan ezin konta ahala direla pertsona hauen aurkako gorroto-krimenak. Urruneko kontua dirudi, bai, baina ez hain urruna, eta horren froga ditugu sufrikario horretatik alde egiteko asilo-eskaerak, inoizko ugarienak azken aspaldian.

Esanak esan, ez dugu ahaztu behar gurean ere ez direla desagertu aniztasun sexual eta generozkoaren aurkako delituak, eduki badauzkagulako datuak, besteak beste gorroto-delituei buruzko bi txostenetan bilduta, haietako bat Barne Ministerioak egina, eta, bestea, Erabereanek,Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Sareak, argitaratua.

Komeni zaigu gogoratzea oraindik ere bizirik daudela gurean aurreiritzi sexualak, eta haien ondorioz sailkatu eta zokoratu egiten ditugula pentsamolde heteroarautzailetik aldentzen diren sexualitateak, ez dela amaitu trans kolektiboaren patologizazioa, ez direla desagertu LGTBIen kontra diharduten erakunde atzerakoi amorratuak, desagertu ez diren bezala jokaera homofobikoak gure ikastetxeetan. Guztiz ikusgai agertzen ez diren bitartean lesbianek ez dutela legitimitate sozial osoa eskuratuko, ez dutela beren eskubideak askatasunez baliatzerik izango, beldurgarri dela nola ari den zabaltzen LGTBIfobia sare sozialetan…

Uste dugu LGTBI kolektiboarenganako konpromisoak argi agertu behar duela eragile sozial guztion zereginen artean, bizirik dirauten bazterkeria moduei kontra eginez bidea urratzen baitugu gizarte errespetutsuago, bidezkoago eta integratzaileago baterantz. Horixe du bere konpromiso eta helburu Berdindu zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzak LGTBI kolektiboari informazioa eta arreta emateko 2002an sortuak, eta horretan dihardu etengabe eratu zenetik, norbanakoak, ikastetxeak eta familiak hartzaile nagusi hartuta. Zerbitzuaren onuradunen pluraltasunagatik, hain zuzen ere, lana emankorra izaten ari da, aniztasun sexual eta generozkoa errespetatzen duen pentsamoldeak agerrarazteko bidean eta LGTBIak ahaldundu egin daitezen, dagoeneko haietako askok egin duten bezala.

Esandakoagatik, Berdindu zerbitzu publikoak dei egiten die gizarte osoari eta alorreko eragileei ahaleginak batu ditzagun, aniztasun sexual eta generozkoarekin lotutako gaietan lan eginez eta gizarte-esparru guztiak ahalik eta gehien irekiarazten zeregin honekiko.

Check Also

PORTUGALETE ANITZA. BIZIKIDETZA ONA ANIZTASUNEAN

Maiatzaren 17aren inguruan, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Portugaleteko Udalak PORTUGALETE ANITZA kanpaina abiarazi zuen, edozein …

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *