Portugaleteko jai guztiak antolatzen diharduten Jai Batzordeek, elkarteek eta txosnek bat egiten dute Udalak aurtengo udan bultzatzen duen kanpainarekin eraso matxistei aurre egiteko xedez.
Iaz San Rokeko jaietan ekimen arrakastatsu bat abian jarri genuela gogora ekarri behar dugu. Izan ere, jarduketa-protokoloaren barruan egonik jai-eremuko txosna guztietan abegi-guneak paratu genituen eraso sexistarik egonez gero biktimak artatzeko asmoz. Aurten, aldiz, ekimena uda osoan egingo diren jai-eremu guztietara zabalduko da helburu behinena delarik Portugaletek jai seguruak eta indarkeriarik gabekoak izatea.
Beraz, Portugaleteko Udalak, Berdintasunaren Batzorde Mistoarekin elkarlanean eta Berdintasunaren IV. Planarekin bat etorriz, eraso matxisten kontrako prebentzio-kanpaina bat, jaietan sexu-harreman seguru eta onartuen aldekoa, hain justu ere, abian jarri du. Hori horrela, emakumeekiko errespetuan, berdintasunean eta azken batean, emakumeen autonomian oinarritutako jarduerak eta jokaerak bultzatu nahi ditu. Kanpaina hau gazteei batik bat dago zuzenduta, zeren eta, berriki egindako azterlanek erakusten baitute indarkeria matxistaren biktimen portzentaje nabarmen bat 30 urtetik beherako emakumeak direla. Horretaz gain, gauza jakina da erasotzaileak oso gizon gazteak direla eta erasoak gauez edo ordu txikitan egiten dituztela aisialdi-eremuetan eta jai-eremuetan, zehazki.