Ane Loroñok hori baieztatu du, ziur baitago modu kolektiboan lan egin dezakegula espazio feminista eta ahalduntze indibidual eta kolektibokoa eraikitzeko. Bilbon jaio zen Ane, eta aitortzen du feminismoarekiko harremana eta arlo horretako prestakuntza Portugaletera iritsi eta emakume gazteen talde feminista, Lore More, ezagutu zuenean hasi zela, duela jada sei urte. Beranduago, Portugaleteko Mugimendu feministako kide egin zen, eta egun ere bertan jarraitzen du.
Anerekin hizketaldi labur bat egiteak askorako ematen du, batez ere Emakume Guztien Etxea lehenbailehen partekatu ahal izateko gogoa pizteko.
Ane, zertarako behar dugu Emakumeen Etxea Portugaleten?
Nire ustez, funtsezkoa da feminismoan urratsa eman nahi duten emakume guztientzat erreferentzia-gune bat izatea, prestatzeko eta guztion ahalduntze indibidual eta kolektiboa lantzeko lekua.
Horrez gain, erreferentziazko gunea ere izan daiteke indarkeria matxista jasanez gero bertara joateko, inork zalantzan jarri eta epaitu gabe. Niretzat garrantzitsua da leku bat izatea emakumeok sistema heteropatriarkala medio egunero jasaten ditugun indarkeria guztiak partekatu ahal izateko eta kolektibizatzeko eta informazioa, aholkularitza eta laguntza jaso ahal izateko.
Zein unetan aurkitzen da feminismoa Portugaleten?
Esango nuke une honetan feminismoak indar handia duela Euskal Herri osoan eta baita Portugaleten ere. Emakume gazte askok hartu nahi dute parte Mugimendu Feministan; Portugaleteko ikastetxeetan emakume gazteen ahalduntzea lantzen ari dira, eta, nire ustez, hori fruituak ematen ari den hazia da. M8 edo A25 prestatzeko ekintzetan parte hartzera hurbiltzen diren nerabeengan hori nabari da; gainera, esan behar da, Mugimenduko kideak ez diren emakumeek ere hor parte hartzen dutela, une jakin batzuetan gerturatzen direlako guztiok elkarrekin lan egiteko.
Portugaleteko Mugimendu Feministak funtsezko ezaugarri bat du; alegia, emakumeen arteko adin aniztasuna, errealitate ezberdinak biltzen baitira: Lore Moreko emakume gazteak, Andere Bidatz taldea osatzen duten emakume zahartxoagoak eta beste emakume independente batzuk, ni bezala, mugimendu honetako kideak garenak. Belaunaldi arteko mugimendua da, zabala, nahiz eta oraindik ez garen konformatzen. Gure erronketariko bat da emakume gehiago izatea, munduko edozein lekutatik datozen emakumeengana iristea. Une honetan horretan ari gara, eta horrek kezkatzen gaitu.
Zure ustez, Emakumeen Etxe batek nola egin dezake Portugaleten feminismoak aurrera egiteko?
Galdera hori alderantziz egitea gustatuko litzaidake; hau da, nola egin dezake feminismoak palanka Emakumeen Etxea eraikitzeko? Emakumeen Etxea ikuspegi feministatik diseinatzen ez bada, ez digu asko balioko; are gehiago, kaltegarria izan daiteke espazio hutsa eraikiko genukeelako, kontzientziarik eta prestakuntza feministarik gabea, eta kalean jasaten ditugun rol, estereotipo eta indarkeria guztiak iraunaraziko dituena. Argi izan behar da. Adibide bat jartzearren, baliteke emakumeak yoga egiteko biltzea, berez jarduera feminista ez dena, baina yoga ingurune feminista batean egin daiteke eta erreminta hori konfiantzako espazioak sortzeko erabili, feminismoari buruzko hitz egiteko eta kolektiboki ahalduntzeko.
Emakumeen Etxea feminismoaren erreferentzia bilaka daiteke Portugaleten, behar dugunean bertara jo ahal izateko espazio propioa, segurua eta irekia. Emakumeen Etxeak lagun dezake mugimendu feminista, oro har, erreferentea izaten. Nire ustez, beharrezkoa da talde feminista ezberdinek sarean lan egin ahal izatea edo feminismoan militatzen hasi nahi duten emakumeek bertara hurbiltzeko espazioa izatea. Aurrean esan dudan moduan, indarkeriak kolektibizatzeko gune bat izan daiteke (salatzea ez da erraza eta, horregatik, emakumeek, batzuetan, konfiantza handiagoa izaten dute Mugimendu Feministarengan erakundeetan baino) eta “pertsonala politikoa dela” praktikan jartzeko gunea ere bai. Horretarako, funtsezkoa da Emakumeen Etxean aurrekontu bat eta langile kualifikatuak egotea.