Home / Emakumeen etxea / Benetako berdintasunerantz aurrera egiteko eta gure ingurunea aldatzeko aukera bat da Emakumeen GUZTIEN Etxea

Benetako berdintasunerantz aurrera egiteko eta gure ingurunea aldatzeko aukera bat da Emakumeen GUZTIEN Etxea

Nuncy Gómez Portugaletekoa da, ingeniari informatikoa, ekintzailea, proiektuen kudeaketa eta hezkuntza-robotikaren zale amorratua. Badaki zertaz hitz egiten duen eta grinarekin egiten du. Edurobotic proiektuaren eta StemTokia Elkartearen fundatzailea da, batik bat haurtzaroan eta nerabezaroan teknologiarekiko interesa sustatzeko eta zientziarekin eta teknologiarekin loturiko lanbideetan eta ikasketetan dagoen genero-arrakala digitala geldiarazteko.

Inspira STEAM proiektuko mentorea da eta bi nerabeen ama (erabateko erronka, aitortzen du); lagunekin solasaldi on bat izateak erlaxatzen du, eta “Bai” esaten duen horietakoa da aurrean erronka bat jartzen diotenean. Nuncy Portugaleteko Emakumeen Etxea batera diseinatzeko talde motoreko 25 emakumeetako bat da, eta sekretu bat kontatu digu: “Egunerokoa irribarre batekin eramateko superboterea dut”.

 

Nuncy, zertarako Emakumeen Etxe bat Portugaleten?

Portugaleteko Emakumeen Etxeaz ari garenean, betetzeko dagoen ametsaz ari gara, generoen artean berdintasuna lortzeko eta emakume eta neskatxa guztiak ahalduntzeko dagoen premiaz. (Garapen Iraunkorreko Helburuak, 5. zenbakia). Emakume GUZTIAK elkartzeko leku bat eraikitzeko ametsa da, bertan, gure indarguneak eta aukerak identifikatzen ikasteko, benetako berdintasunean aurrera egin eta gure ingurunea aldatu ahal izate aldera.

Portugaleteko emakumeok leku ezberdina behar dugu, beroa, berritzailea, dibertigarria, ahalduntzeko, musika entzuteko eta guri modu aktiboan entzuteko, ikasteko eta beste emakumeak prestatzeko, erreferenteak edukitzeko eta erreferenteak IZATEKO, besteak zaintzeko eta elkar zaintzeko. Gure hazkunde-prozesua bultzatzeko eta egunero apur bat zoriontsuago izateko eta sentitzeko lekua izan behar du.

 

Zure profila kontuan hartuta, emakumea eta teknologia binomioaren gainean zer-nolako ikuspuntua duzun jakin nahi genuke.

Teknologia erabiltzea jada ez da gutxi batzuen kontua; izan ere, atzean geratu zen teknologia maneiatzetik eta erabiltzetik emakumea deskonektatuta zegoen garai hura, gure gizarteak sartzeko eta digitalizatzeko izan duen erraztasunari esker. Teknologia dagoeneko nonahi dago gure egunerokoan, eta emakumeak hor gaude erabiltzaile gisa.

Hala ere, teknologia gizonek sortu dute, eta arlo horretan gizonek jarraitzen dute erreferenteak izaten. Urratsak ematen ari bagara ere, historian zehar emakumeok gutxiengo isilduak izan gara zientzien, matematiken, teknologiaren eta ingeniaritzaren lanbideetan. Kultur mailako aurreiritziak, erreferente femeninorik ez izatea eta teknologiak balio sozialik ez duela uste okerra izatea egungo arazoa da. Emakumeok teknologia diseinatu behar dugu, teknologiaren irudia aldatu eta arlo digitalean sexismoa ezabatu.

 

Nola egon behar du presente teknologiak Emakumeen Etxean?

Emakumeen Etxeak, talde eragileak bere printzipioen inguruan lan asko egin badu ere (horiek oso garrantzitsuak izanik), etxe berritzailea eta e-inklusiboa izan behar du; hau da, teknologietara sarbidea izateko, eguneroko trebetasun digitalak hartzeko eta teknologia sortzen ikasteko lekua izan behar du, oso kontuan hartuta talde behartsuenak, generoaren mailako hiru arrakala digitalak hausteko. Era berean, berritu ahal izateko gunea ere izan behar du, gure gaitasunak, ideiak eta motibazioak batuta.

Informazioa eskuratzeko aukera zuzena ez bada, haustura sozial berria agertzen da. Teknologia berrietarako sarbiderik ez dutenek, abantailak lortu gabe geratzeaz gain, IKTetan oinarritzen diren eta bizitzako hainbat alderditan gero eta erabakigarriagoak diren prozesuetatik kanpo geratzen dira.

Emakumeen Etxean egin daitezkeen jarduera ugari etortzen zaizkit burura, eta Etxeak, ezbairik gabe, Interneterako sarrera librea izan behar du: prestakuntza digitala, emakume teknologoak modu interesgarrian aurkezteko jarduerak eta sareetan sexismo digitala hausten laguntzeko jarduerak.

 

Teknología izan al daiteke feminismoan eta Emakumeen Etxea proiektuan aurrera egiteko erreminta?

Teknologia oraina eta etorkizuna da. Teknologiak izugarri hazteko aukera irekitzen digu, ezagutzarako ez ezik, EKINTZArako atea irekitzen digu, ahalduntze pertsonal eta sozialerako atea, eta hori berrikuntza handia da.

Emakumeok jakin, esnatu eta hazi behar dugu teknologiak duen indarrean sinetsiaz. Teknologia berriek lagun dezakete genero-desberdintasuna ikustarazten eta, pixkanaka-pixkanaka, kontzientzia hartu eta emakumeei itxaropena emateko, parte hartzeko eta borroka feminista indartuko duten loturak sortzeko ekimen gehiago sortzen.

COVID-19a dela-eta, garai zailetan bizi gara, teknologia aldetik inpaktu handiko garaian eta egungo gizartean ezinbestekoak diren teknologiak azkartzeko eta sendotzeko garaietan. Ez da ahaztu behar beharrezkoa dela erabilera galarazten duen edozein arrakala-mota konpontzea, duen potentzial guztia aprobetxatzeko unea da. Emakumeok aukera handi bat dugu, eta gure ametsa da Emakumeen Etxean elkarrekin errealitate egin ahal izatea.

Check Also

AZAROAREN 25erako ADIERAZPENA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA EZABATZEKO EGUNARI BURUZKOA

Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa …

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *