Ozen eta argi. Primi Huergak ederki ezagutzen ditu pertsonen arteko konexioen onurak Troconiz Santacoloma Fundazioan eta Manuel Calvo Fundazioan duen erantzukizun profesional bikoitzetik eta konpromiso pertsonaletik. Portugaleteko Emakume GUZTIEN Etxea batera diseinatzeko talde eragilean parte hartzen du, eta ziur dago boluntariotza eta artea, bakoitza dagokion dimentsioan, eraldaketa sozial eta pertsonalaren protagonistak izateko dugun premiarik sakonenaren adierazpenak direla. “Pertsona hobeak egiten gaitu. Gure barru-barruko izakiarekin eta gizatiarrenarekin konektatzen gaitu eta “bestearekin” lotu, haren premiekin eta kezkekin; azken finean, gure bizitzari dimentsio unibertsala ematen dio”, adierazi du Primi Huergak.
Nolakoa izan behar du Emakumeen Etxeak emakumea, parte-hartzea eta artea trinomiotik begiratuta?
Emakumeen Etxeak arretaz begiratu behar die artearekin lotura duten emakumeek dituzten premiei; gogoetarako, eztabaidarako eta hazkunderako espazioak sortu behar ditu arte-arloko emakumeen artean partekatzeko, eta baita arlo horretatik kanpo ere, garapen pertsonal eta profesionalerako proposamen eta ekintza zehatzak diseinatzearren. Emakume sortzaileak eta haien obra edozein adierazpen artistikotan ikusgai egiten lagunduko duen leku bat imajinatzen dut, eta horiek adierazpen artistikoaz bestelako eremuetan udalerrian jorratuko diren beste proiektu batzuetarako inspirazio eta erreferentzia izatea gustatuko litzaidake.
Emakumeen Etxeak generoaren ikuspegitik ikerketa sustatzea nahi nuke, emakume sortzaileek udalerriaren hobekuntzan egin ditzaketen ekarpenak kontuan hartuta, hiriko edozein alderditan: urbanoa, erlazionala, kulturala, hezkuntza-mailakoa, solidarioa, e.a.
Nola bultza litezke era horretako proiektuak Etxetik?
Jardunaldiak, tailerrak eta hausnarketarako eta eztabaidarako mintegiak egin daitezke emakume artisten, beste eremu batzuetako emakumeen eta, oro har, herritarren artean. Halaber, prestakuntza-ekintzak, sentsibilizazio-ekintzak eta diziplina eta adierazpen artistiko ezberdinetako sormen-tailerrak programa daitezke; edota, emakumeak partaide diren jarduerak sustatu, elkarrekin sortzeko, toki-mailako proiektuak diseinatu eta egiteko, udalerrian hautemandako edozein premiari erantzuten laguntze aldera.
Aldi berean, erakusketa-proiektuak abian jar litezke, udalerriko emakume artisten sorkuntzak, banakakoak zein kolektiboak, ikusgai jartzeko; era horretako proiektuak garatzen ibilitako erakunde, egitura edo pertsonekin aliantzak eta loturak erraztu, berdin da Portugaletekoak edota beste udalerri batzuetakoak, lurralde autonomikoetakok, estatukoak edo nazioartekoak izan; eta artearen munduko emakumeen arteko konexioak eta lankidetzak errazten dituzten jarduerak sustatu.
Parte-hartze prozesuan gertatzen ari diren gauzetatik, zein mantentzea gustatuko litzaizuke Emakume GUZTIEN Etxea errealitate bihurtzen denean?
Kultura, pentsamendu, funtzio, adin eta abar aldetik aniztasuna hartzen duen espazioa izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Konfiantzako gune partekatua izaten jarrai dezala, hurbila, atsegina, sortzailea eta dibertigarria; lankidetzara jorratzeko eta ezagutza eta pentsamendu kritikoa sortzeko bokazioari eutsi diezaiola, arrazonamenduen sendotasuna aztertzen eta ebaluatzen laguntzeko, bereziki gizarteak baliozkotzat onartzen dituen eta hainbesteko kaltea egiten diguten baieztapenei erreparatuta. Laburbilduz, gogoetarako, eztabaidarako eta emakumeen arteko konexiorako espazio irekia izaten jarraitzea gustatuko litzaidake.