Home / Berdintasunerako emanaldiak / Ehunka parte-hartzaile “Urrats Moreak” Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen II. Martxa arrakastatsuan

Ehunka parte-hartzaile “Urrats Moreak” Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen II. Martxa arrakastatsuan

Ekainaren 4an antolatu zen “Urrats Moreak” Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen II. Martxa. Ekimen honi hasiera eman zitzaion 2022an, helburu zuelarik emakumeen osasunerako eskubidea aldarrikatzea eta kirolean haien parte-hartzea ikusgarri egitea. Abanto-Zierbena, Barakaldo, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalen Berdintasun sailek bultzatua da Urrats Moreak. Bigarren edizio honen antolatzailea Portugaleteko Udala izan da, Ganerantz Mendi Klubarekin elkarlanean. Izan ere, mendi-talde horrek eskarmentu handia du horrelako mendi-martxen antolaketa-lanetan.

Udalerriotako emakumeen parte-hartzeak aurreikuspen nahiz itxaropen guztiak gailendu ditu. Zehazki 400 emakumek eman dute izena martxan, iaz halako bik. Horiek horrela, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko emakumeen ekimen honek arrakasta handia izaten jarraituko duelakoan gaude.

Jardunaldian sororitatea, poztasuna, umorea eta konpromisoa izan ziren nagusi. Morez jantzitako emakume andana batek hartu zuen 9 kilometroko ibilbide zirkularra. Ondarra hondartzan hasita, martxak Luzueroraino jarraitu zuen, gero berriro irteerara itzultzeko. Zirkuituan ibilaldi laburrago bat ere bazegoen, Punta Luzueroraino igo nahi ez zuten emakumeei begira.

Bertan, Luzueroren gailurrean zeudelarik, María José Blanco Gavieiro Portugaleteko Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Saileko zinegotziak, manifestu bat irakurtzeaz batera, martxaren antolaketaren ikurra den bandera Raquel Olalla González Barakaldoko zinegotziari eman zion, udalerri hori izango baita 2024an  hirugarren edizioaren antolatzailea.

Ondarra hondartzara berriro itzulita, parte-hartzaileentzat hamaiketako txiki bat zegoen atonduta esker ona adierazi nahian, bai emakumeen parte-hartzeagatik bai berdintasunaren aldeko haien konpromiso eta borrokagatik.

Jardunaldi zoragarriari amaiera emateko, Portugaleteko gizarte-etxeetako emakume nagusien ordezkaritzan, Conchi Aguilera Calderónek, historikoki ikustezin egon diren zaintza-lanen garrantzia aldarrikatzeko, testu hunkigarri bat irakurri zuen. Betidanik emakumeei esleitutako lanok hala denon bizimodua nola gizarteen funtzionamendua ahalbidetu dituzte.

Esan dezakegu jardunaldi arras arrakastatsua izan zela bai parte-hartze maila handiagatik bai jardueraren garapenagatik beragatik ere, espazio sozial guztiak berdintasunez konkistatzeko emakumeek duten indarra ere agerian geratu zelarik.

Prentsaurrekoa hemen ikusi dezakezu

 

Check Also

(Castellano) TALLER DE AFECTIVIDAD Y MASAJE INFANTIL PARA PADRES

Barka, baina sarrera hau hizkuntza hauetan dago soilik: Espainiera (Europa).

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *